Lehendakariaren gutuna
Juan Mª Aburto Rique
Mercabilbaok dakien modu bakarrean ospatu du bere 45. urteurrena, gau eta egun lan eginez, bere jarduera-maila biziari eustearren kalitate-estandar handiekin.
Juan Mari Aburto Rique
Administrazio Kontseiluko presidentea
Bilboko alkatea
Beste urte batez, atseginez aurkezten dut Mercabilbaoren urteko txosten hau, merkatuetako jarduera, finantza-informazioa nahiz elikagai-hiri honen ingurumen- eta gizarte-alderdiak ezagutzera emateko. Hain zuzen ere, 2016an, hiriak jardun kartsuko 45 urte bete ditu Bilboko, Bizkaiko zein bere eragin-eremuko pertsonen zerbitzura, iparralderantz zein hegoalderantz, Euskal Autonomia Erkidegoa bera gainditurik.
45 urtez martxan egondako motor hori egunero-egunero pizten da ehun enpresa baino gehiagoren eskutik, non milatik gora pertsonak lan egiten duten; alabaina, Mercabilbaok eskaintzen dituen lan-aukerak elikagai-hiri honen mugez haraindi iristen dira, haren jarduerari loturik sortzen diren zeharkako lanpostuak direla-eta. Hain zuzen ere, garraiolari, baserritar, eta zerbitzu-enpresa osagarriez ari nahiz, bai eta, nola ez, gure hiri eta herrietako txikizkako merkataritzaz eta jatetxe-jardueraz ere, gure eskualdearen ekonomia-garapenerako funtsezkoak gertatzen direlarik.
Elikagai-ereduaren 45 urte arrakastatsu nahikoa berme dira etorkizunari aurre egiteko, eta etorkizun horrek ere berrikuntza eta garapen teknologikoa izan behar ditu euskarritzat, inola ere ahaztu gabe konpromiso soziala, iraunkortasuna eta pertsonak, enpresa-sare honen erdigune gisa. Hala, etorkizunari begira dugun konpromisoak beharrezkoa du gure interes-taldeei balioa eransten jarraitzea, gure ikuspegi-ildoetan jasorik dagoen bezala, indarrean den 2014-2017ko plan estrategikoa bukatzeko urtebete falta delarik, etorkizunak ekarriko diguna aurreikusten ari garenean dagoeneko, bai eta egungo administrazio-baimenak 2021ean ezinbestez iraungitzeari aurrea hartzen ere; azken hori dela-eta, Azpiegituren Plan Gidaria eta Kontratu Berrietarako Kudeaketa Plana formulatuta geratu dira.
Nolanahi ere, Mercabilbaok dakien modu bakarrean ospatu du bere 45. urteurrena, gau eta egun lan eginez, bere jarduera-maila biziari eustearren kalitate-estandar handiekin. Izan ere, estandar horiek bosgarren postuan kokatzen gaituzte, Estatuko sarea osatzen duten hogeita hiru hornidura-merkatu nagusien artean, merkaturatze-bolumenari dagokionez, nahiz eta, gure instalazioen tamainagatik, batez beste, hamaseigarren postuaren inguruan egoten garen. Horrek erakusten digu nolako erabilera intentsiboa ematen zaien gure instalazioei.
Uste osoa dut bai Mercabilbaok bai operadoreek gogotsu aurre egingo diegula etorkizunak aurkezten dizkigun erronka horiei, beti bereizgarritzat izan dugun espiritu proaktibo eta berritzailearekin, eta aukera hau baliatzen dut 45 urte hauetako edozeinetan egon diren pertsonak, badaudenak, baita egongo direnak ere, zoriontzeko, egindako lan bikainagatik.