INGURUMENA ETA KALITATEA
Bai ESG estrategiaren esparruan, eta bai guk ingurumen, gizarte eta gobernantza mailan ditugun kontzientziazio-balioen baitan, zerbitzua kalitate bikainez kudeatzea funtsezkoa denez, alderdi hori buru-belarri lantzen jarraitzen dugu.
Horren harira, 2023an ISO 9001 eta 14001 ziurtagirien jarraipena egiteko auditoriari ekin diogu, eta bi ziurtagiriak berritu ditugu. Auditoreek ez dute “adostasun-ezik” identifikatu, eta, azken txostenean, hobetzeko aukerak nahiz erakundearen indarguneak nabarmendu dituzte.
Era berean, kudeaketa aurreratuaren eredua lantzen jarraitzen dugu, 2019an Euskaliten “Zilarrezko A” aitorpena eskuratu ondoren, eta 2014tik indarrean dagoen “compliance” kanpoko ziurtagiria eskuratu genuen 2022an, hori eguneratzeko abagunea baliatuta.
GJH
Erakundeak oinarri dituen prozesuak antolatzeko egitura GJH Garapen Jasangarriko Helburuetara bideratuta dago; horiek dira 2022-2026 plan estrategikoa egiteko oinarria.
Aurrekoaren ildo berean, Mercabilbaok garbiketa-zerbitzuaren kudeaketa integralaren aldeko apustua egina du aspalditik, hondakinak kudeatzearekin batera doana, instalazioetan higiene eta osasun mailako baldintzarik onenak bermatzeko, Elikagaien Unitatea osatzen duten enpresa eta pertsona guztien eguneroko jarduera behar bezala garatzen dela ziurtatuz.
Hondakinak gaika biltzean, estrategia eraginkorrak lantzen jarraitzen du Mercabilbaok, birziklatze-kuotak handitzeko eta hondakinak biltzeko sistema etengabe hobetzeko, horiek murrizteko eta edukiontzietan horien balorizazioa eta sailkapena handitzeko.
Hondakin gutxien
Gainera, handizkarien kolektiboa lankide eta ahaleginean lagun dugula, Mercabilbaok ahalik eta hondakin gutxien sortu nahi ditu, eguneroko jarduera behar bezala garatzeko, gero eta garbiagoa eta seguruagoa izango den Elikadura Unitatea lor dezagun.
Horien eraginaren laburpen moduan, 2023ko ekitaldiko ingurumeneko magnitude nagusiak ditugu hemen aurkeztuta:
Urtean zehar, 33.343 m3 ur kontsumitu dira guztira, merkatua garbitzeko erabilitako ura barne; iaz, berriz, 34.164 m3. Beraz, kontsumoa %2,4 murriztu da. Murrizte hori, batez ere, urtean zehar gertatu diren hausturek 2022koek baino eragin txikiagoa izan dutelako gertatu da.
Urteko kontsumo elektrikoa %2,81 murriztu da, azken urteetako ildoari jarraiki: 8.000 mila kWh-ra iritsi da, eta aurreko urtean 8.231 mila kWh-ra. Ekipoak optimizatzea izan da kopuruak hobetu izanaren arrazoi nagusia.
Urteko hondakinen bilketa, guztira, 3.116 tonakoa izan da, 2022ko 3.089 tonakoaren aldean, %0,86ko igoera txikia dakarrena beraz, sarrera-salgai guztien %1,212.
Hiri-hondakintzat jo daitezkeen hondakinen bilketa %1,6 murriztu da. 2.003 tona erretiratu dira, aurreko urtean baino 32 tona gutxiago.
Hondakin organikoen bilketa igo egin da: aurten 611,8 tona bildu dira, eta 2022an, berriz, 555,5 tona, %10,13 gehiago. Balorizatzeko jokabidea jardueren arabera aztertuz gero, hautemango dugu fruta eta barazkiei dagokien organikoa %10,88 handitu dela, aurtengoan 435,5 tona bilduta, eta arrainari dagokion organikoa, berriz, %8,35 handitu dela, 176,3 tona bilduta.
Balorizatu diren gainerako hondakinen ratioak igo egin dira oro har, zuraren kasuan izan ezik, horren bilketa jaitsi egin baita apur bat. Zatika aztertuta, zura %3,83 jaitsi da, 2023an 400,34 tona jasota; papera eta kartoia iaz baino %19,8 gehiago bildu dira, 86,9 tona bilduta, eta poliespanaren balorizazioa, ostera, %42,2 gehitu da, 13,9 tona jasota.
Hondakin guztiekiko birziklatutako guztizko ehunekoa %35,7koa izan da, hau da, sarrerako salgai guztien %0,43koa.