Mercabilbaok aho bete gozo elikatzen du
Aitor Argote Ibáñez
Mercabilbaoko zuzendari nagusia
Urteko txosten hau argitaratuta, atzera ere emaitza osasuntsuekin saritu gaituen ekitaldi bat ixten dugu. Emaitzok aurreko urtekoen antzekoak izan dira, eta Mercabilbao osatzen dugun guztiok urteetan zehar eginiko lan sendo eta jarraituari esker lortu dira. Hala, bada, ekitaldia emaitza positiboarekin bukatu da hamargarren urtez jarraian.
Era berean, aurreko urtekoen antzekoak izan dira merkaturatze-zifrak merkatuko sektore guztietan. Arrainen sektoreak ia 28 milioi kilo mugitu ditu; fruten eta barazkien sektoreak, 215 milioi kilo inguru; eta askotariko elikagaien sektoreak (arrautzak, okelak, eta beste batzuk), bestalde, 3 milioi eta erdi kiloak gainditu ditu. Eta hori guztia, ozta-ozta 13 hektarea dituen azalera batean kudeatu da –berriz ere bete-beteko okupazioarekin–, eta ia mila pertsona enplegatzen dituzten 108 enpresak gauzatu dute. Laburbilduz, lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen duen egiazko eragile ekonomikoa.
2015ean, Mercabilbaoren eredu arrakastatsua sendotzen jarraitu dugu; alabaina, argi dugu geure burua etengabe berrasmatu eta eraldatu behar dugula, beti bilakaeran ari den merkatu baten eskakizunei erantzuteko gai izango bagara. Aldaketak, gizartearengandik bertatik abiaturik, geure bezeroenganaino iristen dira, eta gure hornitzaile eta laguntzaileei eragiten diete, zeini bere neurrian; ondorioz, inoiz ere, ezta igandeetan ere, atseden hartzen ez duen elikagaien hiri honetan ere eragina izaten dute. Horregatik, gure helburua da ekinean jarraitzea, gure bezeroekin erabateko kohesioa erdiesteko, etorkizunean ere arrakasta izaten lagungarri izan dezagun.
Ildo horretan, 2015. urtean hornidura-merkatu nagusiaren zerbitzua emateko eta funtzionamendurako arautegi berria taxutu genuen, eta azaroaren bukaera aldera hasierako onarpena eman zitzaion osoko bilkuran; horrela, ekitaldia ixtean, behin betiko onarpena emateko izapidea baino ez zen falta, jendaurreko aldian eginiko alegazioak aztertu eta gero. Testu berriaren helburua da Mercabilbaoko jarduerari arau-estaldura ematea hurrengo hamarkadetan, modu bizi eta malgu batean beti, indarrean den arau-esparrua zainduz eta lehia askearen oinarriak errespetatuz.
Dena dela, etorkizunean operazioak erarik onenean aurrera eramatea bermatzen da, instalazio seguruak eta erabiltzeko baldintza ezin hobeetan edukiz. Horretarako, instalazio horiek egokitzeko eta modernizatzeko eskakizunak eta kostuak ezagutze aldera, 2015. urtearen bukaeran gida-plan bat taxutzea kontratatu zen, Mercabilbaoko azpiegiturak modernizatzeko. Ingeniaritzako azterlan horren helburua da (2016. urtearen lehen erdian aterako dira argitara haren ondorioak) instalazioen egoera eta egokitzeko beharrak ezagutzea, bai eta hobetzeko proposamenak ere, halakorik baldin badago; era berean, eraberritzearen kostua ere ezagutzera emango du, sektoreen artean behar bezala banatzeko, hura gauzatzen denean.
Halaber, kontsumitzeko eretan gertatzen ari diren aldaketak nahiz iragandako ekonomia-krisiak utzitako ondorioak direla medio, 2015. urtearen hondar-partean merkatuaren eta haren etorkizuneko bilakaeraren diagnostikoa egiteko lanak hasi ziren (2016an bukatzekoak). Lan horien azken emaitza, hain zuzen ere, eta arestian aipatutako gida-plana Mercabilbaoren Plan Estrategikoaren berrikuspena egiteko erabiliko dira, hurrengo urteei begira. Esan behar da aholkularitzako lan hori “merca” guztien sarean egiten ari dela, sektorearen baterako azterketa egitearren, eta modu indibidualean elikagai-unitate bakoitzean aldi berean. Mercasak hartzen du bere gain haren kostu osoa, eta, lerro hauen bidez, hori eskertu egiten dugu.
2015eko eguneroko jardunari dagokionez, gure estrategiaren barruan nazioartekotzeari eman zaion bultzada nabarmendu behar da. Arlo horretan, pozik agertu behar dugu Ingalaterrara eginiko esportazio-jarduerengatik, Bilboko Portuaren bidez, kargak Mercabilbaon taldekatu eta gero. Ekimen hori Berlingo Fruit Logistica azokan ernatu zen, Bilboko Portu Agintaritzaren gerizpean parte hartu baikenuen han, Basque Country Logistics markarekin. Kanpoko logistika bultzatzeko ildo berean sartzen dira, halaber, Bordeleko merkatu nagusiarekin antolaturiko bisitak eta garatutako misio komertziala; izan ere, haiekin etengabeko harremana izaten dugu bi hirien arteko jarduera bateratuak aurrera eramateko, Euskadi-Akitania euroeskualdearen esparruaren barruan. Ekuadorretik, Txiletik eta Faroe uharteetatik jasotako beste bisita batzuek osatzen dute munduari begira egin dugun lana.
Eta arestiko hori gertatzen zen bitartean, merkatuko ohiko operazioak betiko erritmo bizian jarraitzen zuen, instalazioak obretako makina eta langileekin partekatzeko irudiarekin batera, ohitura bihurtzen ari zaigunez, instalazioak mantendu eta onik zaintzeko, bai eta, ahal den neurrian, instalazioon funtzionaltasuna hobetzeko ere. Egin diren dozenaka esku-hartzeen artean, nabarmendu behar dira hozkailu nagusiaren kaiak konpondu eta egokitu izana, arrainen eta produktu izoztuen pabiloietako metalezko egitura saneatu eta pintatu izana, merkatuko behe-tentsioko instalazioa pixkanaka egokitu izana, eta pabiloietako argi-zuloak hobetu izana. Prebentziozko mantentze-lanak egiteko eta ekipamenduak kalibratzeko ohiko eginkizunen multzoak osatzen ditu, azkenik, merkatu atseginago eta seguruagoa izateko xedea daukaten jarduerak. Azken ezaugarri hori, hain zuzen, Udaleko Albaitaritza Zerbitzuak goizalde guztietan egiten duen lan arduratsuari eskertu behar zaio; lan horren bidez, hautemandako aukera-eremuak jakinarazten dizkigu.
Era berean, 2015ean zehar Mercabilbaoren marka sustatzeko eginiko ahaleginen balioa nabarmendu behar da, ez bakarrik merkataritzazko erreferentzia izateko Berlingo Fruit Logistica edo Fruit Attraction azoketan, besteak beste, baizik eta marka horrek ordezkatzen duen gizarte-konpromisoaren balioa agerian jartzeko. Ildo horretan, nabarmendu behar da gaur egun ehunka ikaslerekin kontsumo arduratsu eta osasungarriaren alde egiten dugun sentsibilizazio-lana, bai eta gastronomiaren eta kirolaren arloko hainbat ekitalditan aurrera eramaten dugun lankidetza ere. Horri guztiari gehitu behar zaio Bizkaiko Elikagaien Bankua duela bi hamarkadatatik hona gure instalazioetan betetzen ari den eginkizun sozial gogobetegarria, kolektibo behartsuenei merkatuan sortutako produktu-soberakinak helarazteko. Mercabilbaoren irudiak Blas Fernándezen “Urbanetniko” (2015) diskoaren azalean eta barnealdean agertu izana beste mugarri bat da Mercabilbao herritarren aurrean gizarteratzeko bidean.
Gobernu onaren atalari dagozkion jarduerak ere nabarmendu beharrekoak dira 2015ean; horrela, gure interes-taldeen aurrean garden bihurtzen gaituzten datuak argitaratu ziren, arrisku penalen eskuliburua onartu zen, indarkeriaren aurkako kode bat ezarri zen, eta Bilboko Udalaren jokabide-kode etikoarekin bat egin zen. Horiek guztiak ez ziren inola ere jarduera bakanak izan; aitzitik, gure kudeaketa-sistema aurreratuaren esparrukoak dira. Sistema horrek ISO 9001 kalitate-ziurtagiriaren nahiz ISO 14001 ingurumen-ziurtagiriaren eskakizunak gainditzen ditu, eta ziurtagiriok ere, hain zuzen, joan den urtean berritu ziren. Horretarako lagungarriak izan ziren, besteak beste, barrutiko argiztapena hobetu izana eta suak itzaltzeko elementuak egunean jarri izana.
Lerro hauetatik, eskerrak ematen dizkiegu gure giza taldeari, merkatuko operadoreei, bezeroei, akziodunei eta, oro har, kontsumitzaileei, errealitate hau posible egiteagatik, eta uste sendoa dugu, ezin bestela izan, datorren urtean Mercabilbaok gu arrakastaz elikatzen jarraituko duela, aurrerantzean ere Wstatuko iparraldeko eta Frantziako hegoaldeko erreferentzia izateko.