Lehendakariaren gutuna
Juan Mª Aburto Rique
Juan Mari Aburto Rique
Administrazio Kontseiluko presidentea
Bilboko alkatea
Atsegin handia da niretzat 2015eko informazioa xehetasunez ematen duen Mercabilbaoren urteko txosten hau aurrenekoz aurkeztea. Eta atsegin hori are handiagoa da, esku artean konpainia saneatua, errentagarria eta etorkizuna duena daukagulako oraingoan ere, eta hori ez da gutxi jasandako zailtasun ekonomikoen ondoko ziurgabetasun-garai hauetan.
Aurreko ekitaldiko datuek, merkaturatze-erregistroei dagokienez, eutsi egiten diote, eta horrek esan nahi du, kontsumo-ohiturak aldatu arren, kaleak lanean diharduela eta, hortaz, produktu galkorren hiri-merkataritzaren eredua, udal-merkatuei lotua, badela oraindik sustatu beharreko erreferentzia bat, gure herri eta hirietan jarduera egituratzeko ardatz gisa. Izan ere, janaritegi handi honetan konpromisoa argia da, kantitatea, aukera eta prezio-gardentasuna ziurtatzea, alegia, osasungarritasunaren eta kalitatearen aldetik estandar handienak bermatzen dituzten osasun-kontrol zorrotzen azpian, betiere.
2015. urtean, Mercabilbaon 2014-2017ko Plan Estrategikoari begira lan egiten jarraitu dugu. Ehuneko ehunean okupatua dagoen merkatu baten ohiko dinamikan jarraitzeaz gain eta gure mugak gainditzen dituzten proiektu berriak zabaltzeaz gain, arautegiaren testua osatu dugu, hurrengo hamarkadetan merkatuko jarduerei arau-estaldura eman diezaien. Horrekin batera, azpiegiturei buruzko gida-plan bat ere taxutzen hasi gara, azpiegiturak egokitzeko eta modernizatzeko, garai berrian operazioari eraginkortasunez ekiteko.
Egunez egun agertzen zaizkigun erronkei erantzuten jarraitzeko asmoa dugu, halako erronkak hornidura-merkatu nagusiak garatzeko arloek zein gizarteak, oro har, planteaturik ere. Horretarako, geure ardatz eta konpromiso estrategikoetan bermatzen gara, eta horiek guztiak, hain zuzen, bat datoz kudeaketa eraginkor, iraunkor eta garden baten printzipioekin, horiek izanik, ezbairik gabe, gobernu onerako funtsezko osagaiak.
Mercabilbaon, hartara, enpresa-harreman etiko eta erantzukizunezkoak ezartzen jarraitzen dugu, konfiantzan oinarrituak, elikagai-plataforma hau sendotzen jarraitzeko xedez, gizartearen mesedetan, oro har. Txosten hau argitaratzea aukera bat da gure emaitzak ezagutarazteko, bai eta gure bezero, langile, hornitzaile, bazkide eta laguntzaileei elkarrekin egindako 44 urteko ibilbide hau eskertzeko ere.